Hezkuntza Proiektua

 
IKASTOLAREN EGINKIZUNA
 
ANDRA MARI ikastola, ARALARKO MIKEL DONEA guraso kooperatibaren ardatz bat da. Bertan; Iturmendi, Bakaiku, Etxarri-Aranatz, Lizarraga, Dorrau, Unanu, Arbizu, Lizarragabengoa, Lakuntza, Arruazu, Hiriberri, Uharte-Arakil, Irañeta eta Ihabar herrietako ikasleak biltzen dira. 
 
 
IKASTETXEAREN EGINKIZUNA: 
 
 
Ikasleen hezkuntza integrala
 
Norbanakoaren prestakuntza akademiko eta pertsonala eraginkortasunez lantzea du helburu. Horretarako elkar lana, elkarrizketa, tolerantzia edo solidaritatea bezalako balio eta jokaera demokratikoak garatzen ditu; bere ikasleriak aukera politiko, kultural, sozial… orotariko independentzia eta burujabetza izan dezan, gaitasun kritikoa eta irizpide propioak lantzen ditu, pluraltasunarekiko begirunean heziz.
 
 
Euskara eta euskal kultura
 
Euskararen normalizazioa sustatzeko, euskara da komunikazio eta irakaskuntzan erabiltzen den hizkuntza nagusia. Ikastolak, Euskal kulturaren transmisio, garapen eta finkapena ere bultzatzen ditu, erakunde bezala, errealitate historiko, sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalean bere presentzia ziurtatzen ahaleginduz. 
 
 
Aipatutako eginkizunetan kalitatezko euskal eskola sustatu nahi du, horretarako eman behar diren prozesuak ahalbideratuz.
 
 
IKASTOLAKO BALIOAK
 
Andra Mari ikastolak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean jasotzen diren eskubideak oinarritzat hartuz, Eskola Komunitatearen elkarbizitzan alde batetik eta, giza-eragile moduan bestetik, honako balioak bermatzen ditu:
 
 
TOLERANTZIA: 
 
Bestearen ikuspuntuak sustatzean datza, eta tolerantzia errespetua eta komunikazio asertiboaren oinarria da. Ikastetxeko bizikidetzan, norberak dituen iritziak osatzeko, arazoak konpontzeko eta proiektu komunak dituzten lan taldeko kideen arteko konpromisoa lortzeko aintzakotzat hartzen dugularik.
 
BERDINTASUNA:
 
Aniztasuna onartuz, ikastolaren eginkizunetan justizia sozialaren aldeko bazterkeriarik gabeko jarrera sustatzen dira.
 
ELKARKIDETZA / SOLIDARITATEA:
 
Herri ekimenetik sortuak izanik, komunitateko kide guztien partehartzea ezinbestekoa da, partekatzea eta elkarkidetza jarrerak bakoitzaren jardunbidean azaltzen direlarik.
 
KALITATEAREN DEFINIZIOA
 
Andra Mari Ikastolak, euskara eta euskal kulturan oinarriturik, hizkuntza honen ezagutza egokia bermatzen du, beste kulturen ezagutza eta errespetua bultzatuz. 
 
Gure ikastolak, pertsonaren hezkuntza integrala helburu du, ikaslea bere osotasunean hartuz: intelektualki, moralki, emozionalki eta fisikoki. Hau lortzeko, alde batetik, hezkuntza komunitateak Ikastetxeko Proiektu Kurrikulara (IPK) ezagutzen du eta irakasleek praktikan jartzen dute; beste aldetik, aniztasunaren trataera egokia bermatzen du, ikasle bakoitzaren gaitasun, interes eta motibazioak kontuan hartuz. Arestian aipatutakoarekin batera, baliabide material eta giza-baliabide egokiaz horniturik, ikasle eraikitzaile eta gizartean partehartzaileak izatea lortzen dugu. 
 
Honekin guztiarekin, Hezkuntza komunitatea asetzen da, guraso, irakasle eta ikasleen beharrei erantzunez.